2012/03/25

Aurrera darrai grebaren lanketak Añorgan

Aurreko astean greba komitea osatu  zen eta bertan 30 lagunek parte hartu zuten, hauen artean añorga kke-ko ordezkariak, gazte asanbladakoak, langabetuak, pentsiodunak, cementos rezolako langileak, ... egon zirelarik.

Larunbatean prentsaurreko eskeini zuten auzotarrak grebara deituz.
Hauxe da prentsaurrekoan irakurritako testua:
Gaur hemen bildu garenak Añorgako eragile desberdinetako norbanakoak gara (pentsiodunak,langabetuak,emakumeak,AKKEko kideak, gazte asanbladakoak,ezker abertzalekoak,gazte independentistak, tabernariak, Rezolako Komitekoak…) eta prentsaurreko honen bitartez lan erreforma berriak Añorga mailan izango duen eragina salatu nahi dugu.
Dekretuz onartu den lan erreforma euskal langileriaren kontrako eraso latza dugu eta ondorio benetan larriak ekarriko dizkio langile klase osoari, bai lana dutenei bai langabetuei.Izan ere, langabetu kopurua haziz doa hilabetetik hilabetera eta jada Antigua-Añorga-Ibaeta-Igeldo auzogunean 1.245 langabetu daude.
Krisialdia ez da erreformaren arrazoia, aitzakia baino, patronalaren boterea ia mugarik gabe handitzeko aitzakia. Bere helburua ez da enplegua sortzea edota prekarietateari kontra egitea, saltzen diguten bezala. Aitzitik, erreforma honek patronalaren betiko eskakizunari erantzuten dio: bere boterea handitu kaleratzeko, soldatak jaisteko eta hitzarmen kolektiboak ez betetzeko.
Hauek dira erreforma honen ezaugarri nagusiak:

• Kaleratzeak erraztu eta merketzen ditu


• Espedienteak ez dira lan agintaritzatik pasatu beharko.

• Administrazio publikoetan ere espedienteak aplikatzeko aukera ematen da.


• Formazio kontratuak: gutxienez urtebetekoak eta gehienez hiru urtetakoak. Lehen urterako 481 euro hilean eta bigarren zein hirugarren urteetarako 513 euro. Kontratu hauek, gainera, kateatu ahal izango dira. Añorgako gazteak miseria gorrira eramango duen erreforma baten aurrean aurkitzen gara.

• Jardunaldi partzialeko kontratuak: jardunaldi partzialekoak izan arren, aparteko orduak egin ahal izango dira. Kontratu mota hau emakumeei zuzentzen zaie bereziki. Ez da bizi pertsonala eta laborala bateratzeko neurri bat, baizik eta emakumeen enplegua “etxeko soldataren laguntzatzat” jotzeko eta ardura familiarrak emakumeen ardura esklusibo moduan uzteko.

• “Ekintzaileei laguntzeko” kontratu mugagabea: lehen urtean kaleratzea askea eta kalte ordain gabekoa. Kontratu hau 50 langile baino gutxiagoko enpresetarako da, hau da, Hego Euskal Herriko enpresen %97ak aplikatu ahal izango dute.Añorgan ere ugariak dira 50 langile baino gutxiagoko enpresak.

• ABLEak (ETTak): Eskumen eta protagonismo gehiago ematen zaie. Honek enplegu zerbitzu publikoak pribatizatzea dakar.Beste behin ere gazte eta emakumeak izango dira ETTen biktima nagusiak.


Negoziazio kolektiboa, langileen eskubideak defendatzeko tresna funtsezkoa, guztiz desarautzen du aldebakarreko lan harremanen eredua bultzatuz: hitzarmen kolektiboan adostutakoa ez aplikatzeko gaitasun osoa ematen zaio, berdin soldata, ordutegi edota jardunaldian. Puntu honetan, aipagarria da Cementos Rezolako zuzendaritzak indarrean
dagoen hitzarmena bete ez izana erreforma aurretik eta epaitegiek langileei arrazoia eman izana. Hala ere, zein berme dituzte orain Rezolako langileek lan erreforma honekin hitzartutako hitzarmena zuzendaritzak betetzeko?Lehen betetzen ez bazuen nola beteko du orain erreforma enpresarien neurrira egina badago?
Ezin dugu aipatu gabe utzi Añorgako denda txiki eta tabernetan ere eragin nabarmena izango duela lan erreforma honek langile klasearen pobretzea ekarriko duelako eta ondorioz añorgatarron eros ahalmena jaitsiko due lako.
Kapitalaren erasoaldi honi erantzun egin behar zaio baina aldi berean beste eredu sozioekonomiko baten alde pausoak eman beharrean gaude burujabetza politiko eta ekonomikoaren bidean indarrak bilduz. Euskal langileok ez daukagu inolako etorkizunik kapitalisten eskaera guztiak betetzeko prest dagoen estatu espainolean. Ez gaude prest Madriletik datozen murrizketak, erreformak eta inposaketak onartzeko. Horregatik, Añorgako greba komitetik ere Martxoaren 29ko Greba Orokorrean aktiboki parte hartzeko deia egiten diegu añorgatarrei eta egun horretarako antolatu diren mobilizazioetara azaltzeko: