2012/03/07

Euskal herriaren aldaketa ezinbestean feminista!

Une honetan bizi dugun krisi ekonomiko eta soziala: eskubideen urraketek, zerbitzu sozialen murrizketek eta pribatizazioak, ezkutuko lanak zein lan baldintzen prekarietateak ezaugarritzen dute. Guzti honetan emakumeok zeresan handia dugu, izan ere, gu baikara krisiaren aurrean kaltetuenak: maila politiko, ideologiko eta ekonomikoan jasaten dugun zapalkuntza kapitalista patriarkarrak eskubideak alor guztietan urratuak izatera baikaramatza. Horrela, instituzioetatik hartzen ari diren neurri eta erabaki ekonomikoek, funtsean eskubide sozialen urraketa dakarkigute: lan eta bizi baldintzen prekarizazioa, langabeziaren igoera, ezberdintasun sozialen areagotzea, finean, pobrezia. Bete-betean pairatzen ari gara krisiaren ondorioak, baina gobernuek, plazaratzen ditugun alternatiba bideragarri eta iraunkorren aurrean ere entzungor egiten jarraitzen dute.



Baina orain dela urtebete aldarrikatzen genuen bezala, gure borroka eta gure baloreak ez daude krisian, eta inoiz baino beharrezkoago diren konbentzimenduz aurten ere kalera irteteko deia zabaldu nahi dugu. Martxoaren 8 honetan, mugimendu feministarekin batera, gure tokia, gure protagonismoa, gure beharra, gure aitortza politikoa alegia, aldarrikatzera gatoz. Jendarte justuago baterako eraldaketarako gakoak emakumeon bizi baldintzak hobetzeko borrokak, emakumeon eskubideen aldeko borrokak eskainiko dizkigulako. Feminismoa baita sustraietara jotzen duen aldaketarako oinarri. Gu gabe ez delako justizia sozialik izango!

Larritzat jotzen dugu eta kezkatzen gaitu, era berean, eskuineko mugimendu kontserbadorearen erasoaldiak, zentzu honetan ere, arriskuan eta mehatxupean ikusten ditugularik eskubide asko eta asko. Emakumeok etxera itzuli gaitezen nahi dute: familia ugariak osatu eta sistemaren mesedetan jendartearen erreprodukzio lanetara dedikatzera kondenatu. Izan ere, etxeko lanak, haurren heziketa, zaintza bezalako lanak naturalki gureak bailiran saltzen dizkigute diskurtso, mezu, eta politika ezberdinen bidez. Hala, krisiaren aitzakiapean, zerbitzu eta eskubide sozialen murrizketekin ideia hau indartu eta bortxaz eremu pribatura itzul gaitezen dute helburu. Baina jai dute gurekin; gure borroka ez dago krisian; iruzurrik ez!

Une historikoa bizi dugu. Euskal Herria bake eta normalizazio prozesuan murgildurik dago, eta euskal jendartea izan behar da une honetan prozesuaren hauspo. Guri dagokigu prozesuaren edukiak eta norantza definitzea, baina ez dezagun pentsa ekarpenak egiteko gune eta momentua eskainiko digutenik. Aitzitik, guk geuk sortu behar dugu espazio hori, mendeetan zehar ukatuak izan zaizkigun eskubideak aldarrikatu eta eragiletza politikoa aitortu behar digute  aterabide demokratikoa diseinatzen dabiltzanek. Horretarako, emakumeon sarea indartu eta norberak bere esparruetan zein kolektiboki ere subjektu izan behar gara aldaketa honetan: eraldaketa feminista izango baita, ezinbestean! Beraz, elkartu gaitezen, nazioarteko feministekin zubiak eraiki eta bultza dezagun benetako elkarrizketa eta parte hartze soziala gure herriaren etorkizunaren gaineko eszenatoki demokratikoan. Oroimena garen bezala ametsa ere bagarelako! GORA EMAKUMEON BORROKA! GORA BORROKA FEMINISTA!!!